Home
Sukar-Konbultsioa

Zure umeak orain dauzkan sintomak direla-eta, hau da egin diogun diagnostikoa: SUKAR-KONBULTSIOA
Zer da?
Nola igarri?
Zer egin konbultsioa berriro gertatzen bada?
Zer egin behar dut neure umeak sukarra daukanean?

Zer da?

Burmuinaren erantzun bat da, sukarrak sortua. Sukar hau normalean garrantzirik ez daukaten infekzio arruntek sortzen dute (arnasketakoak, otitisa, amigdalitisa, gastroenteritisa). Batez ere, 8 hilabetetik 5 urtera bitarteko umeei eragiten die. Itxuraz larria eman arren, sukar-konbultsioak oso pronostiko ona dauka.

Nola igarri?

Sukarraren eraginez bero dagoen umeak konortea galtzen du bat-batean eta besoak eta hankak astintzen hasten da, edo batzuetan zurrun jartzen zaio gorputz osoa; honek segundo batzuk edo minutuak irauten du. Desbideratuta edukitzen du begirada eta ezpainak ubelduta egon daitezke. Gero, lo sakonean geratzen da minutu batzuetan.

Zer egin konbultsioa berriro gertatzen bada?


Jakin behar duzu zure umeak sukar-konbultsio bat baino gehiago eduki ahal duela, baina horrek ez duela esan nahi epileptikoa denik. Zure familian antzeko kasuak izan badira, sarriago gertatuko zaio.
1. Aho barruan zerbait badauka, atera egin behar zaio. Ez da ezer sartu behar ahoa zabalik edukitzeko, mihiari haginka egitea ohiz kanpokoa da eta.
2. Umea albo batera etzanda jarriko dugu, toki erosoan. Horrela, batetik, umeak ez du minik hartuko konbultsioak hasten direnean eta, bestetik, botaka egiten badu ez du irentsiko.
3. Konbultsioa gelditu egin behar da. Horretarako, Stesolid®-kanuleta eman beharko diozu ipurditik, eta ipurmasailak elkartu beharko dituzu medikamentua xurgatua izan dadin.
4. Konbultsioa desagertzen bada eta umea erdi lo gelditzen bada, hobe da zu bizkortzen edo esnatzen ez saiatzea; loa mekanismo fisiologiko beharrezkoa da umea bere onera etortzeko.

Konbultsioa minutu gutxitan desagertzen bada eta umea bere onera guztiz badator minutu gutxitan, ez da beharrezkoa pediatra batek berehala azterketa egitea. Zuk uste baduzu dena ez doala ondo, edo arrazoiren bategatik kezkatuta bazaude, egin kontsulta zeure pediatrari edo jo ezazu berriro Larrialdi-Zerbitzura.


Konbultsioa desagertzen ez bada, zure umeak atentzioa jaso beharko du hurbilen dagoen zentro mediko edo ospitalarioan.

Zer egin behar dut neure umeak sukarra daukanean?

Egizu betiko moduan, umeak sukarra eduki duenean egin duzun legez. Beti izaten da komenigarria tenperatura jaisten saiatzea. Neurri hau ez da nahikoa krisi berriak baztertzeko, baina sukarra arintzean erosoago sentituko da umea. Erabil ezazu pediatrak beste batzuetan gomendatu dizuna. Antitermikoa, lehentasunez, ahotik emango zaio, baina konbultsioa gertatzen ari zaion bitartean ipurditik egingo da.

Home | Guneko Mapa | Kontaktua