Ezinbestekoa da pazientea giro atseginean egotea, eta asalda ditzaketenak ekiditea: zaratak, oihuak, argi zuzena begietan, etab. Gela argia edo argiztatua izan beharko da, aireztatua, erosoa eta ahalik eta handiena. Ez da egon behar traba sortu ahal duen oztoporik: alfonbrak, altzariak, aulkiak eta apaingarriak. Besaulki edo jarleku zurrunak erabiliko ditugu, 40-50 cm-ko altuerarekin, bizkarraldearekin eta beso-euskarri zabalekin, pazientearen beraren jarduera eta berari eman beharreko zainketak errazteko. Hasieratik, eriak saiatu egin beharko du bere kabuz jaten, garbitzen, janzten, nahiz eta ohi baino denbora gehiago eman edo moldaketak edo laguntza teknikoak behar izan. Ahal den neurrian, parte hartu beharko luke familia-bizitzan eta,
modu egokian, mentalki bizkortua izan beharko litzateke (hizketaldiak, egunkariak,
liburuak, musika, irratia, eskulan errazak, mahaiko jokoak, telebista, etab.).
HIGIENEA funtsezko alderdia dugu. Garbiketa arretaz egingo da, ur epel eta xaboiz, eta geroago leun eta zehazki lehortu beharko da, batez ere oin eta eskuetako hatzen artean; arreta berezia jarri beharko da izterrondoko eta bular azpiko tolesturetan. Azkenik, larruazala sendotzeko, igurtziak emango ditugu alkanfordun alkoholez bermatze-guneetan. Honako hauek dira higienean kontutan hartu beharreko beste alderdi batzuk: atzazalak zaintzea, otordu bakoitzaren ondoren hortzak eta ahoa garbitzea, orraztea eta bizarra moztea. Azken hauek eragin garrantzitsua daukate pazientearen irudian eta gogo-aldartean. Ahal bada, eriak berak egingo du bere garbiketa. Ezin bada,
laguntza teknikoak erabili ahal ditugu: heldulekuak, eserleku altua komun-ontzian.;
eta, hala eta guztiz ere, ezin badu berak bakarrik egin, laguntza eman beharko zaio.
Hasieran, arropa nasaiak eramango ditu, erraz eta aurretik zabaltzekoak (velcroak, kremailerak). Gorputz-adarren bat afektatuta badauka, janzteko afektatutako besoa sartuko du lehenengo, eta arropa eranzteko alde osasuntsutik hasiko da. Burutik sartzen den arropa erabiliko bagenu, lehenengo afektatutako besoa sartuko du, gero osasuntsua, eta azkenik burutik pasatuko da. Prakak jantzi edo eranzteko, jesarrita egingo da, alkandoraren ordena berean.
|
|
Home | Guneko Mapa | Kontaktua |